Usted está en: Inicio > Noticias > Maz Basauri 2013
Maz Basauri 2013

maz basauri

 

MAZ BASAURI 2013: WE ARE STANDARD, IVÁN FERREIRO, CHRISTINA ROSENVINGE, SR. CHINARRO, CATPEOPLE, NAJWA, JERO ROMERO, GARI…



-Maiatzean egingo den jaialdiaren bigarren edizioan Social Antzokia izango da berriz ere agertoki nagusia, lau kontzertu egingo baitira bertan. Horrez gain, doakoak izango diren kaleko beste bi musika emanaldi eta txikienei zuzenduriko Txiki MAZ ere jasoko ditu aurtengo edizioak.

-Hilabete osoan zehar, Social Antzokiko Zine Klub jardunaldietan musikarekin loturiko film eta dokumentalak proiektatuko dira ostegunero.

-Social Antzokiko kontzertuetarako sarrerak merkeak izango dira aurten ere: sarrera aurretik erosiz gero 10€ + banaketa gastuak, eta lau kontzertuetarako abonua 30€ + banaketa gastuak. Asteartean, otsailaren 26an, 16:00etatik aurrera salgai jarriko dira sarrerak bbk-ren kutxazainetan, bbk.es, Social Antzokiko leihatilan eta socialantzokia.com webgunean



 

2013ko maiatzean MAZ Basauriren bigarren edizioa ospatuko da. Iaz, besteak beste, Delafé y las Flores Azules, Sidonie, Nacho Vegas edota Lisabö bezalako taldeek osatu zuten jaialdiaren kartela, eta orotara 2.000 lagun baino gehiago bildu ziren Social Antzokian egin ziren lau kontzertuetan.

 


Bigarren urtez, Social Antzokia izango da jaialdiaren agertoki nagusia, lau kontzertu egingo baitira bertan: maiatzaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, gaueko 21:00etan hasita. Lehenengo egunean We Are Standard bizkaitarrak eta Mendetz kataluniarrak izango dira protagonista; hala, MAZ Basaurikoa izango da We Are Standard taldearen ‘Day’ disko berriaren Euskadiko aurkezpen kontzertua. Bizkaitarren laugarren estudioko lana martxoaren 25ean kaleratuko da (Mushroom Pillow); ‘Day’ Eric Brouceck-ek (LCD Soundsystem, Hercules & Love Affair) nahastu eta koproduzitu du . Bestetik, Bartzelonatik datorren eta pop elektronikoa egiten duen taldea dugu Mendetz. 2003an sortua, hiru disko kaleratu dituzte –azkena, ‘Silly Symphonies’ (Music Bus, 2011)- eta, Espainiako jaialdirik onenetan jotzeaz gain, Ingalaterran, Mexikon eta Italian ere ibili dira. Dantzarako aukerarik ez da faltako, beraz, maiatzaren 3an We Are Standard eta Mendetzekin. 

 


Maiatzaren 10eko gaua, berriz, askoz ere lasaiagoa izango da. Christina Rosenvinge (Madril, 1964), artistarik txalotuenetako bat da une honetan. Bere ibilbide luzean arrakasta handia lortu du Espainian eta Ameriketan: AEBtako eszena independentearen parte izatea lortu zuen New Yorkera bizitzera joan eta ingelesezko diskoen trilogia bat kaleratuta; maila altuko taldeetako musikariekin lan egin du, besteak beste, Sonic Youth (Lee Ranaldo, Steve Shelley), Yo la Tengo (Gerogia Hubley) edota Benjamin Biolay edo Nacho Vegas bezalako artistak. Orain urte batzuetatik hona, estatuko zirkuitu alternatiboaren baitan alde batera uzterik ez dagoen izena da. Rolling Stone aldizkariak “maisulan” gisa katalogatu zuen bere azken diskoa. Christina Rosenvingerekin batera MobyDick izango da maiatzaren 10ean Social Antzokian, euskal musikaren panoraman ezustean agertu eta arrakasta lortzen ari den artista. Lehen aldiz taldearekin joko du, eta MAZ Basaurin eskainiko duen kontzertua bere ‘Cotard Delusion’ disko berriaren Euskadiko aurkezpen kontzertua izango da. Lan honek folk-rock estiloko bederatzi abesti biltzen ditu eta Eneko Burzako getxotarrak Nacho Mastretta eta Ainara LeGardon bezalako artisten laguntza izan du lan honetan. 

 


Catpeople eta Najwa ariko dira Social Antzokian MAZen hirugarren egunean. Bartzelonara lekualdatutako talde galiziarra da lehenengoa, hiru disko kaleratu dituzte (azkena, ‘Love Battle’, 2011koa) eta Europan gira asko egin dituzte (Portugal, Frantzia, Alemania, Txekiar Errepublika…), baita jaialdirik onenetan parte hartu ere. Espainiatik kanpo, Alemanian, Suitzan, Austrian, Holandan, Japonian, AEBtan eta Australian editatu dira euren diskoak. Zalantzarik gabe, Najwarena izango da MAZen edizio honetako beste izen nabarmenetako bat. Iruñean jaiotako aktore eta abeslaria, Bilbon hazia eta Madrila bizitzera joana, ia 30 film luze filmatu ditu momentoko zuzendaririk onenekin; sei disko kaleratu ditu NajwaJean-ekin (Carlos Jean-ekin batera osatu zuen bikotea), eta beste bost lan, bakarka. Bere azken lanak ‘Donde rugen los volcanes’ (2012) du izena, eta disko horretako abestiak maiatzaren 17an entzun ahal izango dira MAZ Basaurin.

 


Social Antzokiko laugarren eta azken hitzordua maiatzaren 24koa izango da, Iván Ferreirorekin eta Garirekin. Artista galiziarrak joan den hamarkadaren erdialdean ekin zion bere bakarkako ibilbideari, hamahiru urtetan zehar Piratas taldeko lider izan ondoren. Ordutik hona bost disko kaleratu ditu eta zirkuitu alternatiboko autore eta interpreterik errespetatuenetako bat da egun; horren adierazle dira hainbat artistekin egin dituen kolaborazioak, besteak beste, Quique Gonzalezekin, Xoel Lopezekin, Santi Balmesekin (Love of Lesbian) eta Enrique Bunburyrekin. Bestalde, euskaraz abesturiko rockaren mito da Gari. Bere belaunaldian sekulako garrantzia izan zuen Hertzainak taldeko abeslari izan zen, eta horren ondoren, biziki interesgarria izaten ari den bakarkako ibilbidea hasi zuen. Maiatzaren 8an aurkeztuko du Garik bere bakarkako azken lana: ‘EzDaAmaiera’. Soinu-ezaugarri ezberdinak dituzten hamaika kantu biltzen ditu lan honek, perkusioa edota kontrabaxua bezalako oinarri erritmiko akustikoak ohiko instrumentu elektrikoekin nahastuta. Elkar ezagutzen duten eta Gariren ‘Esperantzara kondenatua’ diskoan elkarrekin abestu zuten bi artista hauek amaiera bikaina emango diote, beraz, 2013ko MAZ Basauriri.

Lehenengo edizioan bezala, Social Antzokian egingo diren lau kontzertuetan antzokiko besaulkiak kendu egingo dira eta emanaldiak zutik ikusiko dira.  Horrekin batera, MAZ Basaurik prezio merkeen aldeko apustua egingo du, bai sarrerei dagokienez, baita Social Antzokian bertan eskainiko diren edariei dagokienez ere. Sarrera aurretik erosiz gero 10€ + banaketa gastuak ordaindu beharko dira, eta lau kontzertuetarako abonua, 30€ + banaketa gastuak. Sarrerak zein abonuak honako tokietan salgai daude dagoeneko: BBKko zerbitzuanitzeko kutxazainetan, www.bbk.es web gunean eta Social Antzokiko leihatiletan.



Doako kontzertuak kalean


Orain arte aipatutakoarekin batera, MAZ 2013k doako kontzertuak antolatu ditu, kalean egingo direnak, formatu txikian, artisten eta publikoaren arteko gertutasuna bilatuz zuzenekoekin esperientzia berri bat eskaintzeko. Emanaldi hauek Basauriko gunerik jendetsuenetako batzuetan egingo dira, bertako merkataritza bultzatze aldera. Maiatzaren 11n, larunbatarekin, Sr. Chinarrok kontzertua eskainiko du, eta astebete geroago, hilaren 18an, Jero Romero izango da Basaurin. Antonio Luque sevillarrak (Sr. Chinarro) 90eko hamarkadaren erdialdera hasi zuen bere ibilbidea; 13 disko kaleratu ditu eta estatuko panorama independenteko izenik errespetatuenetako bat da hainbat urtetatik hona. Bakarkako formatu akustikoan ahaztezina izateko itxura guztia duen kontzertua eskainiko du kalean. Bere aldetik, Toledoko The Sunday Drivers taldeko lider izandako Jero Romerok 2011ko urrian atera zuen bere bakarkako lehen lana, ‘Cabeza de león’, pop-rock estiloko kantuak biltzen dituena. Hirukote formatuan etorriko da Basaurira. Aipatu bi kontzertuak San Isidro jaiak ospatuko diren egunetan egingo dira. Horien aurretik, maiatzaren 4an, larunbatez, eguerdiko 12:00etan Txiki MAZ egingo da. Zuzeneko musika ikuskizuna da honako hau, haur eta gaztetxoei zuzendua eta euren parte-hartzea bultzatuko duena. Laster ezagutaraziko ditugu Txiki MAZi buruzko xehetasun gehiago. 



 Musika eta zinea


Azkenik, MAZen hilabete hau are gehiago indartzeko, Basauriko Social Antzokiak musikarekin loturiko film eta dokumentalak programatuko ditu osteguneroko Cine Club jardunaldietan. Honakoak ikusi ahal izango dira maiatzean: ‘Searching For Sugar Man’ (orain gutxi Oscarretarako izendapena lortu duena dokumental luzeen atalean eta Rodriguez izeneko abeslari estatubatuar misteriotsu baten historia kontatzen duena); ‘Nadie sabe nada de gatos persas’ (Cannes-en saritua, euren herrialdetik ihes egiten saiatzen diren bi musikari iraniarrei buruzkoa) eta izar handien inguruko filmak, besteak beste, The Doors (‘When You’re Strange’), Bob Dylan (I’m Not There’) edo Joe Strummer (‘Joe Strummer. Vida y muerte del cantante’). Saio hauetarako sarrera lau euro kostako da. 

MAZ bigarren edizio honek Basauriko Udalaren laguntza izan du berriz ere. Jaialdiaren inguruko azken berriak haren web gune ofizialean edota sare sozialetan jarrai ditzakezue. 

 


MAZ BASAURI 2013
Mayo-Maiatza

Social Antzokiko kontzertuak (sarrera ordaindua):
Ostirala 3, 21.00
WE ARE STANDARD
+ MENDETZ

Ostirala 10, 21.00
CHRISTINA ROSENVINGE
+ MOBYDICK

Ostirala 17, 21.00
CATPEOPLE
+ NAJWA

Ostirala 24, 21.00
IVÁN FERREIRO
+ GARI

Kontzertu bakoitzerako sarrera: 10€ + gastuak aurre-salmenta / 12€ lehiatila
Lau egunetarako abonua: 30€ + gastuak
Saltokiak: BBKko zerbitzuanitzeko kutxazainak, www.bbk.es, Social Antzokiko leihatilak

Doako kontzertuak kalean (laster, kokalekuei buruzko xehetasun gehiago):
Larunbata, maiatzak 4, 12.00
TXIKI MAZ (laster, xehetasun gehiago)

Larunbata, maiatzak 11, 19.00
SR. CHINARRO (akustikoa)

Larunbata, maiatzak 18, 19.00
JERO ROMERO TRÍO

Cine-Club maiatza Social Antzokia:
‘Searching For Sugar Man’ (Malik Bendjelloul, Suedia/Erresuma Batua, 2012)
‘Nadie sabe nada de gatos persas’ (Bahman Ghobadi, Iran, 2009)
‘When You’re Strange’ (Tom DiCillo, AEB, 2009)
‘I’m Not There’ (Todd Haynes, AEB, 2007)
‘Joe Strummer. Vida y muerte de un cantante’ (Julien Temple, Irlanda/Erresuma Batua, 2007)

Saio bakoitzeko sarrera: 4€
Saltokiak: Social Antzokiko leihatilak.


Informazio gehiago:
www.mazbasauri.com
www.facebook.com/mazbasauri
Twitter: @mazbasauri #mazbasauri
www.youtube.com/user/mazbasauri


 


maz basauri                 maz basauri twitter   

maz basauri

Con motivo de la entrada en vigor de la Ley 34/2002, de 11 de julio, de Servicios de la Sociedad de la Información y de Comercio Electrónico, te informamos que puedes revocar en cualquier momento, de forma sencilla y gratuita, el consentimiento para la recepción de mensajes, dándote de baja. Este mensaje ha sido enviado por un sistema automático. Por favor no respondas a este e-mail directamente. Para contactar con BI FM puedes hacerlo a través de esta dirección de correo electrónico. Si quieres puedes conocer las condiciones de uso del sitio Web.